Home > Presentation > Proiektuaren aurkezpena

Proiektuaren aurkezpena

All the versions of this article: [English] [Español] [euskara] [français]

Autoritateak euskaratik bateratzeko proiektua da hau, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta mugaz gaindiko euskal diasporako liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesional batzuen artean abiarazitakoa.

Euskal Herri osoko profesional talde batek bere gain hartu lanaren emaitza da, eta Eusko Ikaskuntza erakundeak ditu baliabide teknikoak plantan ezartzen, plataforma hau publikatzeko gisan.

*Proiektuaren jatorria eta lantaldea

2017an, Euskal Herriko liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesional batzuek elkarrekin topaturik euskal bibliografiaren katalogatzean den arazoa aipatzen dute: euskal autoritateentzat behar den erreferentziazko tresna bateratua — pertsona-autoritate zerrenda bat— eskas da. Espainiako eta Frantziako Liburutegi Nazionalek gaztelania eta frantsesetik eginkizun hori betetzen dute, baina Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren faltan, euskaratik ez da lan hori modu bateratuan gaurdaino egin, ez bere osotasunean ezta gutxienez euskal autoritateei dagokienez ere.

Horrelako tresna baitezpadakoa dela ikusirik, pertsona horiek erabaki dute lantalde bat osatzea, euskal autoritateak lantzeko eta finkatzeko. Xedea da erreferentzia fidagarria, bateratua eta iraunkorra sortzea, profesionaleri, liburutegieri, baita nazioarte mailako egitura normatiboeri begira (BNE, BNF, VIAF…).

Lanketa horri lotzeko momentuan, eta kontsideratuz Euskal Herriaren lurralde osoko profesionalak hunkituak zirela, entseatu da ordezkaritza ahal bezain zabala segurtatzea. Horretarako, gaur egun lantaldean biltzen dira

  • BILKETA Sareko 5 kide, Ipar Euskal Herriko euskal liburutegiak biltzen dituen sarea (hau da, kide bana IKAS Pedagogia Zentrotik, Euskal Museotik, Baionako Liburutegitik eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegitik).
  • Eusko Jaurlaritzako 4 kide: hau da, kide bana Liburutegi Zerbitzutik, Euskarianatik, HABE Liburutegitik eta EIMA katalogotik.
  • Nafarroako liburutegietako ASNABIko bi kide.
  • Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako kide bat.
  • Renoko Jon Bilbao Liburutegiko kide bat.

Euskal Herriaren lurralde osoko profesionalei eragiten dien proiektua den neurrian, hartutako zenbait erabakiren atzean profesional guzti horientzat erabilgarri izango den lan-tresna bat sortzeko beharra dago, jakinda Iparraldeko eta Hegoaldeko profesionalok ez ditugula erraminta eta katalogazio molde berdinak erabiltzen.

*Lan metodologia

**Lan-eremua

Proiektuaren xedea euskal bibliografiaren parte diren eta izen-abizen euskaldunak dituzten pertsona-autoritateen normalizazioa da, euskaraz autoritate horiek nola eman behar diren finkatzeko. Proiektuaren xedea hori delarik, haren lan-eremua zehaztu aurretik, garrantzitsua da euskal bibliografia definitzea: Euskal Herrian argitaratu edo ekoitzitako lanak (edozein delarik argitaratze edo ekoizte hizkuntza, gaia, formatua...) eta (esparru honetatik kanpo egonda ere) euskaraz argitaratu edo ekoiztutakoak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak. Lan-eremua mugatzeko, irizpide batzuk finkatu dira:

  • Euskal deiturak dituzten pertsona-autoritateak. Pertsona-autoritate horiek Euskal Herrian jaiotakoak, edo euskal bibliografia batean sartzen direnak izan behar dute. Adibidez, Txiki Benegas (Caracasen jaioa eta Madrilen hila) edo Xabier Irujo (Caracasen jaioa). Aldiz, arau hauek ez dira aplikagarriak euskal deitura duten baina euskal bibliografiarekin inolako loturarik ez duten pertsona-autoritateen kasuan; esaterako, Julio Cortázar egile argentinarra.
  • Erdarazko deitura duten, baina euskal bibliografian sartzen diren autoritateak (Louis-Lucien Bonaparte, Esteve Materra, René Cassin, Antonio Valverde) proiektuaren lan-eremuan sartzen dira. Eta aztertu beharko da izen-abizenak erdaretako grafietan eman behar diren edo, tradizioz hala erabili direlako, euskaldundu egin behar diren.
  • Aurreko irizpideak betetzen dituzten pertsona-autoritate horien obren hizkuntza ez da kontuan hartuko irizpide hauek aplikatzeko orduan. Hau da, definitutako lan-eremuan sartzen dira, ez bakarrik euskaraz lan egiten duten pertsona-autoritateak, baita erdaratan lan egiten dutenak ere.

**Lan moldea

  • Egile bakoitzarentzat txosten bat egiten da​ : berari buruzko gaur arte izan diren aipa moldeak jasotzen dira eta aztertzen (egitura normatiboek sortutako autoritateak, egileak berak erabilitako formak, bere heriotza ondoko edizio eta aipamenetan erabilitakoak, gaur egun erreferentziazko iturrietan erabilitakoak). Iturri nagusiak hauek dira: VIAF, ISNI, BNE, BNF, AUBI, Azkue liburutegia, Bilketa, Wikipedia, Auñamendi.... Lantaldeak finkatu irizpideak aplikatzen dira, eta hauen arabera txostenak azaltzen du zein forma hautatzen zaion. Salbuespenak aztertuak eta justifikatuak dira. Txostenaren eginkizuna da kasu bakoitza dokumentatzea, eta oinarri arautu bat bermatzea erabakitzen diren autoritate izeneri.
  • Euskal egileen kopurua kontutan hartuta, eta ikusiz ere hizkuntzaren historiak (euskararen grafiaren finkatzea eta hizkuntzaren normalizatzea) duen eragina eta zerikusia autoritateen definitzean, ​korpusa 3 multzotan moztea erabaki da​:
    • Autoritate klasikoak (1900 urtea baino lehen zendutakoak)
    • Autoritate garaikideak (1900-1978 bitartean zendutakoak) : hizkuntza arautu baino aitzineko egileak. Talde hau osatzeko kontuan hartu da euskara batuaren lehen arau-multzoak 1968 urtean eman zirela. Data horri 10 urteko epea gehitu zaio, hamar urte denbora nahikoa estimatu delako arau horien erabilera finkatu eta gizarteratzerako.
    • Autoritate garaikideak (1978 ondoren zendutakoak eta gaur egun bizirik daudenak) : euskara normalizatua da, arauak gizartean ezagunak dira.
  • Bi autoritate mota bereizten dira​ :
    • 1/ pertsona-egileak (idazle, itzultzaile, margolari...)
    • 2/ pertsona-gaiak (errege, pertsona historiko..., dokumentuetan aipatuak).
    • Katalogatzerakoan, bi kategorientzat autoritateak finkatzea baliagarri da. Bainan lehen etapa batean, pertsona-egileen tratatzeari lehentasuna ematen zaio.
  • Bi fitxa mota lantzen dira​. Zabalagoa, euskal deiturak dituzten autoritateen kasuan eta laburragoa, deitura erdalduna izanagatik ere, euskal bibliografian sartzen diren egileen kasuan.

*Arauak

**1900 aurretik zendutako autoritateen multzoa

***Hizkuntza arrazoibideak

Autoritate multzo hau euskararen normalizazio prozesua hasi aurretik zendutako pertsonek osatzen dute. Katalogazio arau orokorra da, pertsona autoritate izena aukeratzerakoan, egilearen nahia errespetatzea eta egileak berak bere hizkuntzan argitaratu dituen lanetan erabili duen izenik ezagunena hartzea autoritate forma onartua sortzeko.

Hori horrela izanda ere, hizkuntza bakoitzak bere normalizazio prozesua eduki du eta egile klasikoen forma arautuak hizkuntzaren forma estandarretara egokitu dira; adibidez, Espainiako Biblioteka Nazionalak egokitu egin du Miguel de Cervantes egilearen abizenaren grafia, gaur egungo gaztelania estandarraren arabera (ez du Çervantes idazten).

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Katalogazio arauen arabera, pertsona autoritateen izena aukeratzerakoan “Sarreraren oinarria izango da egileak bere hizkuntzan argitaratutako lanen arabera duen izenik ezagunena” baina ohar osagarri batekin adierazten du euskal deituren grafiaren kasuan hizkuntzaren normalizazio berantiarraren ondorioz sortzen diren arazoei erantzun bat emateko beharra eta zehazten du Euskaltzaindiak onartutako grafiak hobetsi beharko direla​.

Era berean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko autoritateak sortzeko eskuliburuak, egile klasiko, hildakoen eta pertsonaia historikoen kasuan, katalogazio arauetako puntu honi egiten dio erreferentzia. Frantzian AFNOR (Frantziako normalizatze erakundea) NF Z 44-061 araua pertsona autoritatearen eraikitzeari dagokio. Dio atxikitzen den forma idazleak berak gehienik erabili duena dela.

Guzti hori kontuan hartuta, arau bezala ondokoa ezartzen da:

  • Euskal deiturak dituzten egileen kasuan forma euskalduna lehenetsiko da​, eta forma hori emango da onartutzat. Erreferentziak: Euskaltzaindiaren euskal izendegia, bereziki ​Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA)​ deitura, pertsona izenentzat eta toponimiarentzat. Ikus euskal deituren Euskaltzaindiaren ​zerrenda telekargatua​. Nafarroako toponimia : “Nomenclator de Navarra”.
  • Deitura frantsesak, gaskoiak edo gaztelaniazkoak bere horretan uzten dira​. Erdara bakoitzaren (gaztelania eta frantsesa gehienetan) grafia mantenduko da. Dena den, kasu batzuetan, aztertu beharko da deitura/izenak euskaratu behar diren ala ez.
  • Izenarentzat​, arreta emanen zaie irizpide haueri
    • 1. Erabilera. Adibidez forma euskalduna ez bada inoiz erabilia, ez da izena euskalduntzen (tileta atxikitzen ahal da).
    • 2. Euskarazko iturrietan zein forma ematen den.
    • 3. Idazleak berak erabili forma.

**Salbuespenak (Hizkuntza arrazoibideei dagokienean)

Aitzinean zerrendatu arauak oinarri hartzen dira kasu bakoitzean. Salbuespen batzuk egin dira, hauek ere baldintza berdin-berdinetan aplikatzekoak:

  • Deitura batzuen kasuan ez da Euskaltzaindiak finkatu grafia hobesten, forma horrek ez duelarik (inongo) tradizio ez erabilerarik. Adibidez: Baroja/Baroxa. Horretarako kontuan hartu da azken 40 urtetan forma arautu horiek gizartean izan duten erabilera eta onarpena.
  • Deitura frantsesa edo espainola da, bainan euskarazko forma batekin erabilera edo tradizio bat sortu dira. Adibidez, Belapeire, Materra.

**Forma arrazoibideak (euskarazko forma onartuentzat)

Autoritate izenak euskaraz ematea erabaki delarik, horiek emateko orduan onartutako formari dagozkion hainbat arau finkatzen dira:

  • Autoritatearentzat bi abizen izan daitezke: erabilera hobetsiko da.
  • Forma onartua euskaraz ematen delarik, “de” partikula kentzea erabaki da, izena eta abizenaren artean dagoenean.
    Adibidez: ​Agirre, Manuel (1748-1800) eta ez Aguirre, Manuel de (1748-1800).
  • Halere, abizen konposatuak badaude (adibidez, Lopez de Abetxuko, Lopez de Aretxaga, etab.) Erdi Aroko abizen sistematik datozenak. 1600. urtetik aurrera, gutxi gora behera, fosildu egin ziren abizen bakarra osatuz. Horren adierazle izan daiteke zenbaitetan bigarren abizena ere azaltzea. Euskaltzaindiak ere abizen konposatu bezala ematen ditu. Ikus EODA - Deiturak datubasea(abizen konposatu guziak ez dira zerrendatuak).
  • Beste kasu bat dira Erdi Aroko abizen sistema jarraitzen duten deiturak. 1600. urte arte, gutxi gora behera, kasu askotan bi izen erabiltzen ziren, deituraz gain. Gerora bigarren izen hori, kasu batzuetan eta lurralde batzuetan, Araban bereziki, deituraren parte bihurtu da, “de” partikula gehituta. 1600. urtea baino lehen jaiotako egileen kasuan, kontuan hartuko da usadio hau. Horren baitan Salazar, Lope Gartzia eman dugu, eta ez Gartzia de Salazar, Lope.
  • Abizen konposatu euskarazkoak direnean (Martinez de Ubago Mitxelena, Luis adibidez) tiletik gabe idazten dira. Berriz, abizen konposatua erdarazkoa denean (Fernández de la Cuesta, adibidez), tilet hori mantendu egiten da.
  • Forma onartua euskaraz ematen delarik, “y” eta “e” juntagailuak kentzea erabaki da.
    Adibidez: Armona Murga, José Antonio (1726-1792) eta ez Armona y Murga, José Antonio de (1726-1792)
  • Berdin “-tar” eta “-dar” atzizkiak kentzea erabaki da, gaurko grafia eta erabilera normalizatutik kanpo dagoelako.
  • Autoritatea izendatzeko jatorria adierazten den kasuetan, “-koa” atzizkia erabiliko dugu kasu guztietan.
    Adibidez: Diego Lizarrakoa, Joanes Etxeberri (Sarakoa), Joanes Etxeberri (Ziburukoa), Ignazio Loiolakoa, Jaime Corellakoa, Joan Salaberri (Ibarrolakoa), Diego Jose Altzokoa, Prantzisko Elizondokoa.
    Salbuespen bakarra Pernando Amezketarra da; izan ere, bere garaian horrela izendatu izan zuten, tradizioan horrela jasoa izan da eta horrela erabili izan da berari buruzko aipamen guztietan.
  • Erlijio ordenen laburdurak (O.F.M. adibidez) ez dira erabiliko forma onartuan. Erabaki hau hartzen da arrazoi hauek direla medio: Iparraldean erabiltzen diren katalogazio moldeetan ez dago horrelako erabilerarik. Frantziako Biblioteka Nazionalak, ordena erlijiosoa aipatzen duenean, ez du latinezko laburdurekin egiten, baizik eta izen frantsesarekin. Eta, beste kasu batzuetan, autoritateari buruzko informazio gisa ematen du.
    Adibidez: Bartolome Santa Teresa (carme déchaux ; 1768-1836)
    Bestalde, gaur egun nekez ulertzen da laburdura hauen esanahia. Erlijio ordenari buruzko informazioa garrantzitsua bada, ohar batean jaso daiteke autoritate erregistroan.
  • Ezizenen eta erlijio izenen kasua:
    • Bertsolarien kasuan kontuan hartu beharrekoa da bertsolari klasikoak ezizenez zirela ezagunak kasu askotan eta hori dela formarik zabalduena.
    • Forma ezagunena ezizena denean, hori hartuko da onartutzat.
      Adib: Bilintx (1831-1876) eta ez Bizkarrondo, Indalezio (1831-1876)
    • Ezizena delarik forma onartutzat hartzen, seinalatuko da ez dela hori deitura/izena. Horretarako forma baztertu batean jasoko dira izen-abizenak.
      _ Adibidez: Bilintx (1831-1876)
      < Bizkarrondo, Indalezio (1831-1876)
      < Bizcarrondo Ureña, Guillermo Joaquín Indalecio (1831-1876)
      < Bizcarrondo, Indalecio (1831-1876)
      < Bilints (1831-1876)
      < Vilinch (1831-1876)
      < Bilinch (1831-1876)
  • Forma ezagunena erlijio izena denean, hori hartuko da onartutzat:
    Adib: Diego Lizarrakoa (1524-1578) eta ez Ballestero de San Cristóbal y Cruzat, Diego (1524-1578)
  • Autoritate bat izendatzeko, erlijio izena, ezizena eta baita benetako izen-deiturak erabili izan direnean, eta ez bada erabileran forma horietakoren bat nagusitzen, kasu horretan, benetako izen-abizena(k) hobetsiko d(ir)a autoritatearen forma onartua erabakitzeko. (Ikusi, adibide gisa: Astibia, Erramun).
  • Ezizena bi hitzez osatua dagoenean izen berezia bezala emanen da autoritatean. Pernando Amezketarra eta ez Amezketarra, Pernando Halere, kasu batzuetan ezizenak izen/deitura bezala funtziona dezake, hori delako nagusitzen den forma katalogoetan.
    Adib: Axular, Pedro (1556-1644)
  • Kasu batzuetan, dela homonimia saihesteko, dela tradizioz hori delako formarik ezagunena, abizena, izena egiturari bestelako elementuak gehituko zaizkio :
    Adibidez : Etxeberri, Joanes (Sarakoa) (1688-1749) Etxeberri, Joanes (Ziburukoa) (ca. 1580-1665?)
    Etxeberri Dorre, Piarres (1636?-17..), (Dorre ez da deitura, baina tradizioan abizenarekin lotuta erabiltzen da)
  • Noblezia tituluaren kasua: forma onartua euskaraz modu ulergarrian emate aldera, titulua atzean jartzen da beti.
    Adibidez: Munibe, Xabier Maria, Peñafloridako Kondea (1729-1785) eta ez Peñafloridako, Xabier Maria Munibe, Kondea (1729-1785)
  • Errege-erreginen kasua: izenordea (Antso Nagusia, Antso Handia) ez da kontutan hartzen forma onartuarentzat, titulua baizik (Iruñeko Erregea, Nafarroako Erregea...).
    Adibidez: Antso Gartzeitz III.a , Iruñeko Erregea (ca. 992-1035) eta ez Antso Nagusia Iruñeko Erregea (1004-1035)
  • Santuen kasua : atzean jartzen da, euskaraz.
    Adibidez: Frantzisko Xabier, Santua eta ez San Frantzisko Xabier

**Datak

  • Daten forma hau izanen da (1811-1858) sortze urtea eta hil urtea ezagunak direlarik.

Beste kasu batzuetan, forma hauek ere izan daitezke:

  • 15.. ez bada mendea baizik ezaguna.
  • 158. hamarkada batean izanik ez bada urtea ezaguna.
  • 1580? urtearen segurtamenik ez delarik .
  • ca 1580, edo ca. 1580 urte baten inguruan (+/- 5) kokatzen bada
    “fl.” edo “l.” (adibidez fl.1580) laburdurak aurki daitezke katalogoetan obra baten argitaratze urtea seinalatzeko. Kasu horretan ez da horrelako aipamenik eginen, batetik, urlergaitza daitekeelakoan publikoarentzat, bestetik, Iparraldeko katalogazio moldeetan ez dagoelako horrelako erabilerarik. Autoritatea bere mendean kokatuko da 15.. forman idatziz.